XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egileen sarrera

Bigarren argitaraldia du Estilo Liburuak, berriturik eta osaturik, hiru urteren buruan.

Duela hilabete pare bat EUSKALDUNON EGUNKARIA bera bezala, azalez eta mamiz berritua eta osatua dator.

Hala ere ongi aski dakigu denok ez dator osoa: lehentxeago edo geroxeago murritz eta zaharkituta geldituko zaigu hau ere, aurreratzen ari garen seinale.

Lehenengo argitaraldian genioen, azken oharrean, zer hobetu franko bazuela liburuak, eta langintza horretan partaide izan nahi zenutenoi dei egin genizuen.

Dudarik gabe, bietan jo genuen bete-betean.

Denborak berak behartu gaitu aldaketak egitera Euskaltzaindiaren erabaki berriak, Hiztegi Batuko lehen erabakiak, nazioarteko izenak, geure aukera batzuk... eta zuen jakinarazpenek hainbat gauza egokitzen lagundu digute.

Bestalde, hainbat lan aitzinatu dira euskararen normalizazio bidean, arauez gain; bi hiztegi entziklopediko baditugu eskura; administrazioko hizkera errazteko proposamen zehatzak kaleratu dira; hainbat arlo berezitako hiztegiak ere prestatu dira denbora honetan lehengoez gain; idazkera liburuak ere argitara eman dira...

Estilo Liburu honen helbururik behinena, jakina, EGUNKARIA gero eta hobeki idatzirik egotea da.

Aurreratu dugu, baina are gehiago aurreratu beharrean gaude, eta badakigu gero eta aitzakia gutxiago dugula ez ongi idazteko.

Hortaz, urratsez urrats aitzina egin beharrean gaude, eta argitalpen honetan ere nabari dira pauso horietako batzuk: esate baterako, idazkuntza deitu dugun atala.

Gero eta gauza gehiago datorkigu erabakirik gramatikan eta hitzen forma kontuetan; gure erronka idazkera bizia, samurra eta aberatsa (ez korapilotsua) erdiestea da.

Ez baita gutxi!

Beti bezala, zeuk epaituko duzu, irakurle, lanaren balioa.

Eta zure aholku baliotsuak jasotzeko prest jarraituko dugu guk.

Koordinatzaileak: Patxi Petrirena, Luis Fernandez.

Aholku emaileak: Koldo Izagirre, Josu Landa, Xabier Mendiguren Elizegi, Jose Luis Aranguren Txiliku, Beatriz Zabalondo.